XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zuen Kepak aspalditik ezagutzen August Zeen jauna, baina elkarrekin topo egin zuten lehen egunetik nahiko jatorra eta lagunkoia zela iruditu zitzaion.

Ez zen finlandiarra, norvegiarra baizik, baina urteak zeramatzan Helsinkin bizitzen.

Gobernutik gertu zegoen ordezkaritza batean egiten zuen lan, teknikari gisa eta bere desiorik haundiena berriro bere Bergen jaioterrira itzultzea omen zen, han, itxasbazter batean, etxe bat jasotzeko eta belauntzi artetan aritzeko.

Gaztea zen August oraindik nahiz eta begiazpiko zulo moreek edadetuagoaren tankera ematen zioten.

Kepa baino zaharragoa bazen ere hasieratik eskaini zion bere laguntasun osoa eta denboraren martxan aski adiskide bilakatu ziren.

Helsinkiko erdialdean kokaturik dagoen jatetxe ospetsu batetan afaltzera joan zen gau batean ezagutu zuen Kepak August.

KOSMOS jatetxea arras ezaguna zen hiri osoan bertara artistak, politikariak, kazetariak biltzen zirelako.

Ziotenez homosexualen biltokia ere ba omen zen jatetxe hura, eta gau hartan bertan ohartuko zenez August bera ere horietako bat zen inoiz Kepari gisa hartako proposamen edota eskakizunik egin ez bazion ere.

Osmo-ren urtebetetzea zela-eta, otu zitzaion honi ospatzeko modu egokia litzatekeela KOSMOS-era afaltzera joaten baziren, gainera berak gonbidatuko zituela afaltzera jatetxe hark garesti samarra izatearen fama bazuen ere.

Horrela, zortzitarako geratu ziren Stockmann almazen haundien aurrean dagoen eskultura erraldoiaren parean.